Marco Socías eta Antonio Duro gitarristak, Amaia Zipitria pianista eta Catalin Bucataru biolinista izango ditugu protagonista aurtengo irakasleen kontzertu zikloaren bigarren emanaldian. Lau musikariek Joaquín Rodrigo eta Astor Piazzolla-ren obrez osatutako egitaraua eskainiko dute, instrumentu konbinazio ezberdinekin. Marco Socías-ek irekiko du bakarka emanaldia Rodrigo-ren Junto al Generalife piezarekin, ondoren Amaia Zipitria pianistarekin konpositore horren obra ezagunena, Concierto de Aranjuez, interpretatzeko. Piazzolla-ren Cuatro estaciones porteñas obrarekin Marco Socías eta Antonio Duro-k osatutako gitarra bikoteaz gozatuko dugu, ondoren Catalin Bucataru biolinistak eta Marco Socías gitarristak Historia del tango eskainiko dutelarik. Sarrera librea izango da eserlekuak bete arte.

Apirilean zehar egingo diren sei kontzertutan bigarrena izango da hau. Musikeneko auditoriumean hurrengo hitzorduak dira: apirilak 11 musika elektroakustikoa, apirilak 21 klabezin emanaldia eta apirilak 26 ahotsa eta talde instrumentalak. Horiez gain organo eta biola kontzertu bat egingo da San Bizente parrokian apirilaren 18an.