Iñaki Alberdi akordeoi jotzailea bakarlari izango da kontzertuetan, Aitzol Iturriagagoitia kontzertino eta zuzendari

Musikeneko Orkestra Ikasketa Masterraren hari orkestrak kontzertu bat emango du ostiralean Iñaki Alberdi akordeoi jotzaile irundarra bakarlari eta Aitzol Iturriagagoitia biolin jotzaile eibartarra kontzertino eta zuzendari dituela, biak Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiko irakasle. Iturriagagoitiak biolinetik zuzenduko du Antonin Dvořák-en  Bagatellen, op. 47  eta Isaac Albéniz-en Asturias obrak izango dituen errepertorio erakargarria. Alex Garrobé gitarra jotzaileak parte hartuko du eta Iñaki Alberdik Astor Piazzolla-ren Hommage à Liege eta Five Tango Sensation joko ditu akordeoian. Lehenengo kontzertua bihar izango da, ostirala, arratsaldeko 8etan Hondarribiako Itsas Etxea aretoan –sarrerak 2 eurotan salduko dira eta bere web orrian eros daitezke, edo leihatilan bi ordu lehenago- eta bigarrena berriz larunbatean arratsaldeko 7 t’erdietan Madrilgo Autitorio Nazioanalaren ganbera aretoan.
Musikene Master String Orkestra berriki sortutako hari taldea da eta Estatuko lehenengo orkestra ikasketa Master ofizialaren puntako jardueretako bat da. Masterra 2015/16 ikasturtean jarri zuen abian Musikenek Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin elkarlanean. Orain arte Gordan Nikolic eta Boris Garlitsky-rekin egin ditu kontzertuak, ikusle eta kritika aldetik harrera ona lortuz.