Bilatu

erabiltzaileen guneamusikenet

Fundazioa


Eusko Jaurlaritzak 2001-2002 ikasturtetik aurrera goi mailako musika ikasketak ezartzea adostu zuen 73/2001 Dekretuaren bitartez, apirilaren 24koa (EHAA 86, 2001eko maiatzaren 8koa).

Agindu hori betetzeko asmoz, 2001eko maiatzaren 2an Eusko Jaurlaritzak Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiarentzat Fundazio Pribatua sortzea erabaki zuen (sortze-legea). Fundazio horren helburua diru-irabazirik gabe musika-irakaskuntzarekin zerikusia duten ekimen eta jarduerak sustatzea zenez, Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegia sortzea eskatu zitzaion, egoitza Donostian izanik.

Horren ondoren, Estatuko 50/2002 Fundazioen Legeak, abenduaren 26koak, sektore publikoko fundazioen kontzeptua sortu zuen. Euskadin fundazio mota berri hau –sektore pubikokoa-, 2006. urteko Euskadiko Ondarearen Legean arautu zen(5/2006 Legea, azaroaren 17koa).

Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegirako Fundazio Pribatuak, Musikene, izaera juridiko berezko eta banandua du, eta bere estatutuen eta ezartzen zaizikion lege xedapenen bitartez arautzen da. Fundazioaren finantziazioa, gehienbat, Eusko Jaurlaritzak emandako diru-languntzetatik dator. Ikastegian matrikula egiten duten ikasleen ordainketak eta legediak onartutako beste edozein ekarpen ere diru iturri ditu.

Patronatoa Fundazioaren agintaritza, administrazio eta ordezkaritza organoa da. Hala ere Fundazioaren beste organo edo pertsonengan ere delegatu dezake legeak uzten dion funtzioetarako.

Musikene – Euskal Herriko goi-mailako musika ikastegia

Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegia da, 2001-2002 ikasturtean Eusko Jaurlaritzak sortua Goi Mailako Musika Ikasketak irakasteko. Interpretazioa, konposizioa, zuzendaritza eta pedagogiaren esparruan kualifikazio profesionala bermatuko duen kalitatezko hezkuntzaren aldeko apustua egiten duen ikastegia da. Bere helburu nagusia ikasleei baliabide formatibo egokiak ematea da lan-mundurako bidea erraztuz, XXI. Mendeko musikaren eskakizun berriak kontutan izanik.

Musikeneren hazkuntza-filosofiaren ardatzetako bat ikasle bakoitzaren talentuaren garapenari ematen zaion arreta da, lanbiderako gaitasun handia lortzen duelarik. Lan-merkatuan ikasketak amaitu dituzten ikasleei eskatuko zaien mailari begira dagoen irakaskuntza da. Horretarako, Musikenek pedagogikoki ospe handiko irakasle taldea du, aldi berean nazioartean ere ezagunak bakarlari modura edo europako orkestra onenen kide direlako. Ikastegiak espezializazio maila handiko irakasleak aukeratu ditu, urtetako esperientziarekin.

Kurrikuloari dagokionez, espezialitatearen irakasgai zehatzak beste teoriko-humanistikoekin batera uztartzen ditu, ezinbestekoak baitira goi mailako hezkuntzak berezkoa duen osoko izaera hezitzailea lortzeko. Arrazoi hau bera dela eta, irakasgai horiek ez dira osagarri huts; espezialitate bakoitzaren helburu zehatzei sendo lotuta daude.

Hori dela eta, Musikenen irakaskuntza ez da bakarrik prestakuntza tekniko bikaina lortzea, prestakuntza teoriko eta humanistiko sendoarekin osatzen baita. Ondorioz, prestakuntza integrala duten profesionalak lortzen dira, bikaintasunez musika egiteko gai direnak, eta, horretaz gain, musikaren inguruan hausnarketa ere egiteko gai direnak.

Talde instrumentalak

Musikeneko ikasleek aukeratutako espezialitatearen banakako eskolak jasotzeaz gain, talde instrumental handiagoetan parte hartzera bultzatzen ditu ikasketa planak, egungo musikarien lan-errealitateari eta goi mailako ikastegi baten eginkizunari jarraiki, kultura sustapenari jarraiki, hain zuzen ere. Irakasgai horiek formatu ezberdinetakoak dira: ganbera taldeak, hala nola Haize Boskotea edo Hari Laukotea; taldeak, hala nola Perkusio Ensenblea, Saxofoi Ensenblea edo Metal Taldea.

Horretaz gain Orkestra Ikasketa Egitaraua ere badu ikastegiak, musika klasikoari dagokionez, eta Big Banda, jazzari dagokionez. Orkestra Ikasketen egitaraua hainbat taldek osatzen du, nagusiena Orkestra Sinfonikoa izanik. Orkestra Sinfonikoaz gain talde txikiagoak ere badaude, Metalezko Haize-ensenblea, Zurezko Haize-ensenblea, Sinfonietta edo Banda Sinfonikoa, esaterako.

Talde hauek Musikeneko ikasleez osatuta daude erabat. Irakasle eta zuzendari ezberdinekin duten kontaktuari esker oso lan-esperientzia baliagarria lortzen dute. Talde horiek plataforma dira ikasleentzat, hautaketa prozedura zorrotzen ondoren bakarlari modura kontzertuak egiteko aukera baitute.

Orkestra-Ikasketen Progama 2003. urtean jarri zuen abian José Luis Estellés klarinete jotzaile eta orkestra zuzendariak, eta egun Jesús Echeverría zuzendari eta konpositore nafarraren ardurapean dago. Horretaz gain Orkestra Sinfonikoaren hainbat kontzertu ere zuzentzen ditu.

Musikeneko orkestra formazioak maisu gonbidatu entzutetsuen zuzendaritzapean egon dira, besteak beste Pablo González, Lutz Köhler, Juanjo Mena, Salvador Mas, Manel Valdivieso, Michael Tomas, Gilles Millière edo Philippe Ferro. Emanaldi aipagarrienen artean daude 2004an Musika Hamabostaldiaren hasiera-emate kontzertua, Donostiako Kursaal Entzutegian; 2005eko Gabonetako kontzertua, EITBk grabatua eta emana; 2006an Granadako Nazioarteko Musika eta Dantza Jaialdian egindako bi kontzertuak; 2007an Zaragozako Entzutegian; 2008. urtean Bruselako Flagey aretoan egindako kontzertua; Entzutegi Nazionalean 2008 eta 2009 urteetako emanaldiak.

Jazz espezialitateari dagokionez, Big Banda jazz ikasleei zuzendutako jarduera akademikoa da, banda hauen betiko formatuarekin (tronpeta, tronboi, saxo eta erritmika sekzioekin). Hainbat topaketa izaten dituzte urtean zehar zuzendari ezberdinekin.

Ikasleak

Abian izan den hamar urteotan, Musikene Estatuko musika ikasleen artean erreferentziako erakunde akademiko bilakatu da, bai eta beste herrialdetakoa. Horren isla da ikaslegoaren jatorri geografiko anitzak.

Ikasleen trebakuntza altua nabaria izan da urterik urte, lehiaketa ospetsuenetan sariak lortu dituztelako, besteak beste Espainiko Consurso de Juventudes Musicales, Intercentros Interpretazio Sari Nazionala, Arrasateko Nazioarteko Akordeoi Lehiaketa, eta beste asko.

Musikenen ikasleek kalitate handiko irakaskuntza jasotzen dute trebakuntza bikaineko irakasleen eskutik, ikastegiaren kategoria eta izen onarekin bat datozen giza-baliabide eta materialekin. Bertako Mediateka, 48.838 dokumentu katalogatu dituena, ikasleen ibilbiderako ezinbesteko tresna da.

Kanpora proiekzioa

Musikenen irakasten den hezkuntza artistikoa da, eta horrek berarekin dakar halako gizarterako proiekzio kulturala, bi arrazoiengatik batez ere eta gutxienez: ikasketaren emaitzen azalpen publikoa, eta gizartea ikastegian egotea. Oinarrizko diren bi helburu horiei jarraiki, Musikenek jarduera asko egiten ditu, ia 300 bat ikasturteko, orkestra talde ezberdinen kontzertuak barne, eskenatoki eta ziklo entzutetsuetan parte hartuz, bai eta ganbera-musikako jaialdietan edo Musikeneko egoitzan egiten diren kontzertuekin. Publikoarekin kontaktua, bai interpretazioa bai pedagogiaren bitartez, musikari profesionalak behar duen trebakuntzaren zati bat da zalantzarik gabe.

Musikenek, halaber, beste erakunde batzuekin elkar-lanerako jarrera irekia du oso. 2012ko ekainean lehentasunezko hitzarmena sinatu zen  Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin “Jordá Gela” izenpean. Harreman estua du baita ere gure lurraldeko musika-erakunde nagusiekin: Donostiako Musika Hamabostaldia, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, Euskal Herriko Gazte Orkestra (EGO), Bilboko Orkestra Sinfonikoa, Musikaste edo Bilboko Musika-Música Jaialdia, Madrilgo Juan March Fundazioa ahaztu gabe.

Bestalde, Musikenek nazioartean duen dimentsioa sendotzeko apustua egiten du, Goi Mailako Hezkuntzako Europar Esparruan dagoela baliatuz. Horri dagokionez, estatuko eta nazioarteko ikastegiekin komunikazio ildo iraunkorrak ezarri dira. Socrates-Erasmus egitasmoari atxikita dago eta AEC (Europako Goi Mailako Kontserbatorio eta Musika Eskolen Elkartea) erakundearen kide da. Aldebiko hitzarmena du Europako 37 musika ikastegirekin, entzutetsuenak tartean, eta ikasleen eta irakasleen arteko mugikortasuna sustatzen du.

Azkenik, kulturaren hedakuntzan duen eginkizunean, Musikenek jarrera irekia du bere inguruko gizarte eta kulturan sortzen diren estimulu eta eskakizunen aurrean. Horrela, ikasleek egindako ekoizpenak hedatzea sustatzen du, bai kontzertuak, konposizioak edo ikerketak direla. Ildo horretan hainbat liburu argitaratu dira, eta bertako disko zigilua ere sortu da.

Musikene Mail
Azaroa 2017
As As As Os Os La Ig
    01 02 03 04 05
06 07 08 09 10 11 12
13 14 15 16 17 18 19
20 21 22 23 24 25 26
27 28 29 30